XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erasoen kontra eutsi euskarari!!! Baditugu euskaltzaleoi azkenaldi honetan biziki kezkatzeko arrazoiak.

Gure hizkuntza nazionalaren kontrako azpijoko, maltzurkeria eta erasoak ez dira inoiz gelditu, denboran zehar estiloz eta formez aldatu badira ere, areagotu egin dira aspaldi honetan.

Euskararen kontrako ofentsiba orokor baten aurrean aurkitzen garela erran dezakegu beldur barik, Hegoaldeko bi Gobernu erregionalisten aldetik, inolako lotsarik gabe (ez bait dute) Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua deitzen diren horietatik, hain zuzen.

Euskal aldizkariekin erabiltzen zimurkeriak, batez ere Argiak pairatu dituen subentzio murrizketek erakusten dute argi eta garbi zer espero daitekeen instituzio erregionalista español hauetatik.

Euskal komunikabideetan badira beste adibide franko: ETBren egoera, euskal egunkariekin egin nahi den aurpegi xuritzea....

Helduen euskalduntze alfabetatzean dakusagun egoera larria da, ezpairik gabe: beheruntzko joera argi dago leku guztietan, eta ahulezia honetaz profitatuz, AEK desagertzeko ahalegin haundiak egiten ari dira Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, ebazpen, dekreto eta abarreko neurri legalistekin.

PNV-k Euskal Herriaren historian zehar erakutsi duen maltzurkeriaz jokatu du oraingoan ere alderdi erregionalista honek eta AEK-k berarekin sinatutako Itunaren puntu bat ere ez du bete.

Irakaskuntzari dagokionez erasoak ere hor daude: Nafarroa eta Iparraldeko ikastolak desagertzeko planak martxan, eta beste hiru probintzietan integrazio bide ilun bat zabalik, eskola estataletan euskara sartzeko etengabeko oztopoak, Udako Euskal Unibertsitateari subentzioa ukatu, Nafarroako Universidad Pública delako horretan euskara ezin sartu,(Opusekoan zer esanik ez!), Baskongadetako Euskal Unibertsitatean euskararen kontrako bazterkeria nagusi....

Beste datu asko aipatzen ahal da, baina ez duela penea merezi uste dugu, nahiko garbi agertzen delako gertakizun guzti hauek ez direla txiripaz agintzen, badutela atzean lojika oso zorrotz bat.

Estatu española eta frantsesa ez dira definitzen estatu plurilingue gisa, eta beraz, hizkuntza nazional bakarra dute: española eta frantsesa.

Horren ondorioz, hizkuntza komunitate nazional elebakarrak frantsesa eta española dira, eta honek berarekin dakar beste hizkuntza guztiak egoera diglosikoan egotea (katalana, galegoa, euskara, bretoiera, okzitanoa, etab.).

Beraiei dagozkien hizkuntz komunitateak elebitasunera kondenatuta daude, hau da, ezin dute bere bizitza soziala hizkuntza bakar batez osatu.

Elebitasuna mito bat denez, ezin bait da inon lortu hizkuntzen arteko oreka iraunkorrik, hizkuntza bat aurrera joanen da, Estatuaren babesarekin, eta bestea, minorizatua, elebakartasun printzipioa ukatuta, atzerako joanen da.

Hori da, hain zuzen, hizkuntz ordezkapen prozesuaren giltza: hizkuntz komunitate batek, eta besteak, berriz, bi hizkuntzez baliatu behar dela, baten erabilpena gero eta murritzagoa izanik.

Eta guzti hau da Euskal Herrian gertatzen ari dena.

Hegoaldean zein Iparraldean.

Estatu españolaren Konstituzionean isladatzen dira euskeraren heriotzarako bideak: españolaren elebakartasuna española Estatuaren hizkuntza ofizialtzat hartzen da.

Estatu española, beraz, ez da plurilinguea (frantsesa are guttiago), ez da hizkuntz komunitate elebakar anitzetaz osatzen, eta ondorioz, Euskal Herriari euskara hutsez bizitzeko eskubidea ukatzen zaio, española inposatuz.

Hemen dago euskararen kontrako eraso guztien iturburua: Estatu españolaren hizkuntz egituraketa legala, edo bestela erranda, zorioneko marko juridiko politiko hori.

Konstituzioak euskarari ezartzen dizkion mugak hausten ez ditugun bitartean, euskararen etorkizunerako bidea itxita egonen da.

Konstituzio española ama oparoa da: Estatutua, amejoramendua... Euskal Herria lotzeko kate luzea.

Horietariko bat da Vascuenceren legea, beste katebegi bat, besterik gabe, HABE legea den bezalaxe.

Benetako arazoa ez da euskara ofiziala izatea Nafarroa osoan, Baskongadetan ematen den sasiofizialtasuna diglosiko berberarekin, arazoa da Euskal Herriak lortzea hizkuntza nazionala izateko eskubidea, euskarak bizitzeko atal guztiak betetzen hasteko baliabide juridiko-politikoak eskuratzean hizkuntz borrokan euskera nagusitzen hastea... elebakartasuna, azken finean.

Azkenaldi honetan euskararen aldeko mogimenduak (ikastolak, AEK, UEU, ARGIA...) jasaten duen ofentsiba erdalzale eta españolista hortik dator: PSOE, PNV, UPN partiduek eta bere sateliteak diren EE, EA-k sortu duten egoera juridiko-politikoak euskararen heriotza dakar, alderdi horren kolaborazionismoarekin, agerikoa ala ezkuturik.

Hau da hizkuntz ordezkapen prozesuaren logika hotza, eta berak uzten digun alternatiba bakarra: euskarak ez baditu eskuratzen ezinbeztekoak dituen tresna legal eta juridikoak, elebakartasunerazko prozesua zabaltzeko, Herri Mogimenduaren indar guztiak beti eginen dute topo marko legalak eta bere defendatzaileek ezarritako muga, traba eta erasoekin.

Borroka egitea, besterik ez zaigu gelditzen.

Instituzioek eta beraien morroiak diren alderdi erreformistek argi asko erakutsi dute bere gogoa eta borondatea zein den, eta adibiderik onena Bat eginik kanpainarekin gertatutakoa: herriak kemena erakutsi, sinadurak eta dirua bildu eta Instituzioek paso eta PNV-EA EKBren kontrako joku maltzurretan.

Konstituzio eta Vascuence legearen aurka, eraso guztien kontra, eutsi euskarari! Abenduaren 10ean, guztiok Iruñera! TXOLIN.